ZER DA KABIA?
Organismo autonomo bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentuari atxikitakoa.
Nortasun juridiko propioa eta jarduteko ahalmen osoa, ondare eta diruzaintza propioak eta kudeaketarako autonomia ditu, ematen zaizkion funtzioak eta eskumenak betetzeko.
ZEIN DA BERE HELBURUA?
Kabiaren funtsezko helburua honakoa da: Eusko Legebiltzarrak onartutako Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeak, abenduaren 5ekoak, ezarritako eskumen esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak agindutako zerbitzu eta funtzioak kudeatzea, ematea eta gauzatzea.
Datozen lau urteetarako, Kabiak ondorengo kudeaketa mandatua dauka:
Udal titularitatekoak diren, adineko pertsonentzako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako hamasei egoitza eta eguneko zentroen kudeaketa bere gain hartzea.
NOLA EGITURATZEN DA?
Gobernu eta zuzendaritza organo hauek ditu:
- a) Gobernu Batzordea.
- b) Lehendakaria.
- c) Lehendakariordea.
- d) Gerentea.
Gobernu Batzordea.
Kabiako organo gorena da, eta kide hauek izango ditu:
- Foru organismo autonomoko lehendakaria: gizarte zerbitzuen inguruko eskumena duen departamentuko foru diputatua.
- Foru organismo autonomoko lehendakariordea: gizarte zerbitzuen inguruko eskumena duen departamentuko zuzendari nagusi bat.
- Gipuzkoako Foru Aldundiko 5 ordezkari, ondorengo kudeaketa arlokoak: gizarte zerbitzuak, funtzio publikoa, ondarea, eta finantzak eta aurrekontuak.
- Gizarte zerbitzuen alorrean entzute handia duten pertsonen artean Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzar kide taldeek izendatutako ordezkari bana.
- Foru organismo autonomoko langileen ordezkari sindikal bat.
- Foru organismo autonomoko gerentea (bileretan hitza izango du, baina botorik ez).
Lehendakariak izendatuko du zein jardungo den idazkari funtzioetan. Pertsona hori arlo juridikokoa izango da.
Sexu bakoitzaren ordezkaritza gutxienez %40koa izango da.
Kideek nahikotasunez ezagutu beharko dute euskara.
ARAUDIA
- 12/2014 FORU ARAUA, azaroaren 6koa, zeinaren bidez sortzen baita «Kabia» izeneko foru organismo autonomoa, gizarte zerbitzuak kudeatu, eman eta gauzatzeko.
- 46/2014 FORU DEKRETUA, abenduaren 22koa, «Kabia» Foru Organismo Autonomoaren Estatutuak onartzekoa