Kabiaren, Gipuzkoako adinekoen egoitza munizipalak kudeatuko dituen organismoaren, etorkizuna diseinatu eta oinarriak finkatzeko herri horietako 50 udal ordezkari ingururekin bilera egin dute Maite Peña gizarte politikako diputatuak, Elena Basagoitia erakunde publikoen zuzendariak eta Arantza Lekuona, Kabiako gerenteak.
Bileran Peña diputatuak argi utzi du lan handia dagoela egiteko: "Kabia fundatuta dago baina eraikitzea falta da eta denon artean, udalekin elkarlanean eta eurekin adostuta, egingo dugu", azpimarratu du diputatuak behin eta berriz. Kabia oinarri sendoen gainean eraiki nahi dutela aipatu du Peñak.
Kabiak zein arreta eredu eskaini behar duen eta kudeaketa plana definitzea jarri ditu lehentasunen artean eta horri lotuta, egoitzen sarrera egutegia eta plan ekonomikoa ere finkatu behar dituztela azpimarratu du gizarte politikako diputatuak.
Udalei elkarlanerako eta akordiorako deia luzatu die , eta lehen bait lehen, lanari ekiteko konpromisoa hartu du eta baita lan dinamika adostu ere; lantalde bat sortuko dute udal eta aldundiko ordezkariekin eta lantalde horren lehen bilerarako data finkatu dute egutegian: abenduak 4.
Peña diputatuak berretsi du Kabian dena dagoela egiteko baina azpimarratu du egiten hasita, egoitza horietan guztietan dagoen jakintza eta eskarmentua aprobetxatuz egingo dutela esan du. Eta epeak ere finkatu du Peña diputatuak: "2016.ko uda amaierarako proiektuak definituta behar du".